XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi ontzi oiek polbora asko erre zuten nere osabaren aurka kañoika.

Alperrik; gure ontziaren kañoiek irispen luzeagoa bait zuten.

Orregaitik, azkenean, gure kañoien dunbateko-sail mardul bat naikoa izan zuten, ortaz oarturik, besterik gabe errenditzeko.

Gero, bi ontzi aietako polborarik geiena bere ontzira ekarri zuan, nere osabak, badaezbada.

Frantzi'ko bi ontzi aiek erabiltzeko mariñel frantziar batzuez naitaneiez baliatu bear izan bait zuan.

Polbora ori da, ain zuzen, Thunderbolt'en semeari nik busti nion polbora.

Dorotty neskatillari begira zeuden, aren edertasunaz lilluraturik kapitana ta almirantea.

Gizon ospetsua zan azkeneko au.

Koxkorra gorputzez; jostalaria, izlari ta berriketalari neka-eziña, arrantzalea ta eiztaria.

Eiztaria batez ere; eta, naiz beiñere eiza aundirik lortu ez, El Gran Cazador, esan oi zioten adiskideek.

- Aizu, andereño: Ta zuk orrelako kaltea egin ba'ziozun, nola bidaldu zaitu zu pakea eskaiñiaz mezulari? Zer dalata ipiñi du zugan orrenbesteko konfiantza?.

- Kosta zait Jauna, konfiantzara ori irabaztea.

Bere maitale lizun biurtu bear izan bait dut ortarako! Orregaitik diot orrenbesteko gorrotoa.

Ezin ikusi dut: baiña beraganako maitasunak zoraturik naukalaren itxurak egiten ibilli bear izaten dut.

Gorputz eta anima murgildu nau lizunkerira.

Ez diot ori barkatzen.

Ezta nere osabaren erailketarik ere.

- Jauna: Arrazoizkoa da neska onek diona, - asi zan kapitana mintzatzen, neskaren arrazoiek baiño geiago neskaren edertasunak artara jarririk.

- Itxaslapur orrek iru ontzietan ez du guri erasotzeko sutautsik aski, eta Los Santos Emeterio y Celedonio Martiresen aurki lezakeanaren billa dijoa, gero gure gaiñera etortzeko.

- Baiña berak ori lortu baiño len, guk, talkara joanez, bere itxasontzia arrapatu dezakegu, eta gero beste bien aurka joan, bai bait du Los Santos Emeterio y Celedonio Martiresek ordubete bere bi etsaien aurka jarduteko indarrik naiko.

- Ederki. Itxi ezazute neskatil au beeko gela batean.

Eta, neskari, erarik goxoenean: - Zaude lasai andereño, zuri ez dizu iñork gaitzik egingo-ta.

- Eskerrikasko- erantzun zion neskak aren irriño goxoari irriño goxoago bat ordaintzat bidaliaz.

- Eskerrikasko. Baiña bi mariñel auek, nere konfiantzako gizonak dira; nik, eginkizun ontarako, neronek bereiziki aukeratuak.